IKTri buruz etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
IKTri buruz etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2011/08/07

Etorkizuneko Web-a

rome
Begiratu ondoko webguneak, proba itzazu, interaktiboak dira. Html5ean -Web-era iraultza ekarriko duen lengoaian- sortutako orriak. Teknologia merkea eta irekian eginak daude eta etorkizuneko Web-a omen dira. Hobeto ikusiko dituzu Chrome nabigatzailean:

2011/04/14

Ikusiko dezue

2011/04/10

100 tuit, borobil-borobil

Gaur nire ehun-tuit-muga da eta ia konturatu gabe gertatu da: txorakeri batzuk twitteresferara bota, twiter-lagunen gogoeta interesgarriak retwitteatu, lauzpabost alditan mokoa oker sartu, adarrez adar saltoka noraezean ibili eta eta txio-txioka jarraitu, hori nire jokaera naturala litzatekeelakoan. Markarekin harro nago.

Eta gure mundu honetan zifra borobilak goratu behar direnez, ospakizunak antolatu ditut. Hara hemen, festa programa:

eguerdian txupinazo alaia twitterzelaian txorrotxio bandarekin

ondoren, txikiteo herrikoia Wikipediako kaleetan barrena

arratsaldean pilota partida facebookeko horman gauean berbena Zuzeu albistari horizontalean

Orain, kontuan izanik hau guztia sare sozialetako ekimen bat dela, egokiena kideren bat/batzuk elkartzea litzateke. Hala beharko giza-harremanak beste edozer ez bezala bultzatzen dituzten sareetan. Beraz, gaueko berbenan baten bat dantzatzeko? baltsean ez bada, dantza sueltoan sikiera?

2011/04/04

Gure konpetentzia digitalak

Bi hilabete pasa dira, konpetentzia digitala neurtzeko galdeketa publikatu eta ondorioak jakin araziko nizkizuela idatzi nuenetik. Erantzun kopuruak zaildu egin du emaitza argitara ekartzea. Baina agindua zor, hemen daukazue.

Galderak honako hauek izan ziren: Orokorrean nola aritzen zara gusturago, naturalean edo tresna elektronikoa erabiliz? Zenbat ordu eskaintzen diozu astean lan digitalari? Zenbat urte daramazu teknika digitalekin? Zenbat hatz erabiltzen dituzu? Gaiari dagokionez, nola ikusten duzu zure burua? Zer egin nahi zenuke gehiago ikasteko? Eta azkena, norberak erantsi edo iradoki nahi zuena. Ikusi nahi duenarentzat, hemen.

Parte hartzaileen adinak 19 urtetik 54ra doaz, baina gehiengoa 25-35 tartean dago.

Sexu banaketan, gehiengo handia gizonezkoak dira eta % 37a emakumezkoak, nahiz eta zaila den jakitea Doraemon, JMU, Hegazti hegalaria, Hatztrebe Maribero edo Gaztelugatxeko Doniene gizonezko edo emakumezkoak diren. Baina esan dezakegu trebetasuna berdintsu banatuta dagoela bi sexu artean. Diferentzia handiena batzuk eta besteek teknika digitalak hobeto ikasteko aukeratu duten bidean sumatu dugu, askoz gizonezko gehiago daudelako taldean praktikatu nahi dutenak emakume baino, azken horiek irakasle on bat izatea hobesten dute eta. Baina horren harira esan behar da emakumeak direla gehiago ikasteko beharrik ez duten gehienak.

Galdeketa lagin gisara hartuta, esan daiteke ere euskaldun gehienak hatz guztiak edo gehienak erabiltzen dituztela beren lan digitaletan eta jakite horrek pozez betetzen gaitu, maila handi horrek seguruenik atsegin handia dakarrelako berarekin. Gai horretan, gainera, ez dago gizonezko eta emakumezkoen artean diferentzia nabarmenik. Atsegin handia eman digu jakiteak populazio talde zabala trebe sentitzen dela digital kontuekiko eta beste batzuk oso trebe, bi multzo horien artean parte hartzaileen erdia osatzen dutelarik. Eta horiei eransten badizkiegu nahiko trebe sentitzen direnak, aurreratu dezakegu erakuskari estatistikoaren %70ak hatz kontutan trebetasun galanta adierazten duela. Hori azpimarratzekoa da, dudarik gabe.

Aipatzekoa deritzogu ere azkeneko galderaren erantzunen artean ekarpen baliotsuak izan ditugula. Horien artean hau ekarri nahi dugu: "Nik teknika digitalak ez ditut beti bakarrik erabiltzen, batzuetan bikotean ere bai, (hortik gora sekula ez) eta 4. eta 5. erantzuna bakarka aritzen naizenerako dira, taldean egiten badut 4. galderan "hatz gehienak" jarri beharko nuke eta 5.ean "moldatzen naiz" baino gehiago ezingo nuke jarri bikotekideari galdetu gabe. Ala nik ulertu dut gaizki?!"

Anekdota gisara esango nuke erantzun dutenen artean badaudela Euskal Herriko komunikabideetako ospe handiko lagunak, baina ez ditut hemen izenak azalduko eta ez dizuet ere esango zenbat hatz erabiltzen dituzten beren zeregin digitaletan.

Eta bukatzeko, hara hemen beste partaide baten amaierako aipua:

Konpetentzi Digital Libre batzuen alde! ;)

2011/02/07

Gaitasun digitala neurtzeko galdekizuna

Arrakasta handia izan du "konpetentzia digitala" neurtzeko galdekizuna; irakurle asko animatu dira eta erantzun dituzte 6 galdera laburrak. Batzuk luze adierazteko ausardia ere izan dute 7. galderan. Denei mila esker.

Ondorioak ateratzeko egun batzuk beharko dira, baina ez zarete geratuko emaitzak jakin gabe.


2011/02/03

Neurtu zure gaitasun digitala

Urte batzuk dira Informazio eta Komunikazio Teknologietan (IKTetan alegia) trebatzen ari garela. Euskal Herriko irakasleontat sigla magikoak dira. Garrantzitsua den guztia IKTetatik pasa behar da. IKTekin zerikusia duen proiektu bat baldin baduzu, zorienekoa zu, egunean zaude. Ordenagailuarekin jai duzula onartzen baduzu, akabo: zureak egin du. Hezkuntza Departamentuan oihartzuna nahi baduzu, konpetentzia digitalak menperatu behar dituzu.

Horregatik ni oso lasai nago. Maisu-maistren kidegoaren parte izanik, talde horretan beteranoetakoa izan arren gaitasuna ederki garatu dut. Beraz ez didate behar baino lehenago erretiroa emango. Lanean jarraituko dut ahal den denbora gehien.

Eta zu, gazte zein zahar, irakasle zein kazetari, mediku zein erizain, saltzaile zein teknikari, laborari zein ingeniari... langile zaren hori, nola daude zure abilidade digitalak? Denon artean Euskal Herri bizi eta zoriontsu bat nahi badugu, garrantzitsua da horretan trebatzea. Ezingo gara krisi honetatik atera ez badugu zaintzen oinarrizkoa dena.

Horretarako inkesta hau proposatzen dizuet. Galdekizunari jator erantzuten badiozue, jakingo dugu noraino iritsi gaitezkeen.

Neurtu itzazu zure konpetentzia digitalak hemen klikatuz. Gure herriaren etorkizuna zure eskutan dago. Prest zaude behar duen giroa martxan jartzeko?

OHARRA: Galdekizunaren emaitzak argitaratuko dira

2010/03/13

Kezkatuta nago

Kezkatuta nago ez dudalako kontu hau oso ondo ulertzen. Asteazkenean, Eskola 2.0-ko aurkezpenean izan nintzen Bilbon. Hitzaldi batzuk interesgarriak izan ziren, batez ere kanpotik etorritako bi irakasleena: Alfons Cornella eta Fernando García Paezena. Cornellak oinarrizkoaz hitz egin zuen eta García Paezek San Walebonson, bere eskolan, egiten ari diren lana aurkeztu zigun. Batak zein besteak aurkeztutakoa fundamentuzkoa izan zen, lehenengoak alderdi teorikoa eta bigarrenak praktikoa erakutsita.

Baina, han geunden irakasle askok beste zerbaiten zain geunden: Hezkuntza Sailak euskaraz prestatu dituen material didaktikoak ikusi nahi genituen. Horiek aurkeztera Antonio Cara atera zen, programak zioen bezala "Eskola 2.0 Planaren on-line baliabide didaktikoak" ikusiko genituen. Baina aplikazio praktikoak erakutsi behar zizkigunean juxtu, teknologiak huts egin zuen, eta bere horretan utzi behar izan zuen esku-hartzea. EITBko multibox aretotik atera nintzenean nire buruari galdetu nion ea arazo teknologiko horiek ez ote zuten ezkutatu euskarazko baliabide didaktikoen gabezia. Oraindik ikusteko gaude, inondik ere ez dira ageri.

Eskolan galdetu didate ea zer daukagun ikasleekin lanean hasteko: Gmail, Google, Wikipedia, .... Blogger edota Wordpress, Jomla, Picasa, Infarview... Gutxi gorabehera hau guztia hasi baino lehenago genuen gauza bera.


OHARRAK (Post scriptum)
Beste bi kontu dira aipatzekoak. Lehenengoa emakumearen presentzia eskasa. Jardunaldiak bost bat ordu iraun zuen, atsedenerako denbora kenduta, eta horietatik ordu erdia baino gehiago ez zen egon emakume baten esku. Oraingoan ere gizonezkoek esan behar digute gehiengo handia garen 5. mailako irakasle emakumeoi zer eta nola egin behar dugun?

Bigarren kontua, euskararena. Bost ordu horietatik ordu erditxo eskasean baino ez genuen euskara entzun, bi emakumeen ahotan hain zuzen. Eskola 2.0-ko baliabideak azaltzeko eman zizkiguten orriak ere gaztelaniaz daude. Holako eskola, horrelako gizartea nahi du Hezkuntza Sailak? Espainola eta Gizon?

2010/01/19

Eskola 2.0: ostiralean arbel digitalak jartzera datoz

Arbelak eta kanoiak jarriko dizkigute ostiralean. Goiz osoa pasa behar omen dute tramankuluak instalatzen bosgarren mailako hiru geletan. Gero eta gertuago dago ordenagailu eramangarrien helduera eta oraindik jarraitzen dugu mega erdiko abiadura duen internet konexioarekin. Eta ez dute hezkuntzarako aplikaziorik sortu ordenagailu horiekin aritzeko. Hauxe da egoera. Gure autonomia-erkidegoa ez da aipatzen, baina nik dakidanez, antzekoa da.

2009/12/17

Eskola 2.0: armairutxoak jarri dizkigute


Ordenagailu eramangarriak gordetzeko eta kargatzeko armairu berezi batzuk instalatu dizkigute 5. mailako hiru geletan. Armairuek gurpilak dituzte, baina hornitzaileek egokiago ikusi dute paretan josita uztea, seguruago omen da. Ordenagailu guztiak batera ez kargatzeko, lau fasetan egingo da eta hori diferentzial baten bidez egingo da. Aparatuak ondo funtziona dezan entxufatuta egon behar du beti, eta hara hemen lehenengo arazoa: eramangarriak gehiegi ez berotzeko bentiladore pare bat daude, tenperatura gora egitean sekulako zarata ateratzen dutenak. Hori bakarrik falta zen eskola garaian! Entxufea ateratzeko beste erremediorik ez dugu izango klase eman nahi badugu.

Armairuak iristearekin bat, bilera batera deitu digute Eskola 2.0-ko arduradunek. Hitz eder asko, baina oso susmo txarra: ez dute interneteko konexioaren banda zabaltzeko konpromisorik hartu.
Hori disgustua! Gure eskolan, 69 ordenagailu eramangarri izango dugu web 2.0-n aritzeko, interneten, alegia. Horretaz gain, goiko eraikinean, 42 ordenagailu mugiezin ditugu, horiek ere interneten erabiltzeko, jakina. Zenbait unetan, 111 ordenagailu batera izango ditugu konektatuta sarean? barregurea ematen du. Mega bat besterik ez dauka kontratatuta Hezkuntza Departamentuak guretzako, eta ni neurtzen hasi naizenetik ez du inoiz 400 kbp-tik pasa.

Konexio egoki bat jartzen ez badigute, lasai-lasai egongo dira eramangarri polit horiek armairutxo ederrean sartuta; noizean behin freskatzeko atera eta kitto!

2009/11/10

Eskola 2.0: egoeraren azterketa

Gustatu zait Ana Perez eta Josean Bueno irakasleek, eskola 2.0 izeneko prozesua dela eta, Hezkuntza Departamentuaren funtzionamenduaz egiten duten azterketa. Berrian argitaratu zuten duela hamar egun eta orain egokitu zait irakurtzea. Artikuluak ondo esplikatzen du irakasleak bizitzen ari garen egoera. Ez dio blog honi berririk ekartzen, baina aurreko sarrera askotan egindako azterketa laburbiltzen du eta interesgarria izan daiteke, batez ere kanpotik ikusten dutenentzat.

2009/10/27

Eskola 2.0: zer da benetan?

Eskola 2.0 zer den adierazten duen aurkezpen hau aurkitu nuen uda honetan eta intesgarria iruditu zitzaidan. Gorde nuen euskarara itzultzeko, baina daukan formatoak itzulpen zuzena galarazten du. Horregatik dagoen bezala jartzea erabaki dut. Adierazgarria da eta, gainera, agerian uzten du maiatzetik hona gai horretaz komunikabide gehienek hitz egin dutenak ez duela zerikusi handirik Eskola 2.0-rekin


View more documents from xarxagavaeduca.

2009/10/25

Eskola 2.0: ordenagailuak

Informatikako gauzetan aditua den lagun batek ikusi eta esku artean eduki ditu 5. mailara datozen ordenagailuak; inpresio txarra hartu du. Materiale merkeenekin eginak direla dio. Edozein netbooka baino dexente lodiagoak eta astunagoak omen dira. Haien kalitatea kontuan izanik egin dituen iragarpenek kezkatu naute. Une batean sentitu dut hobe izango zela eskolara iritsiko ez balira, zeren behin etorrita eta lanean hasita, oso frustantea izan baitaiteke arazo bat bestearen atzetik izatea. Gero pentsatu dut nahiago dudala iratxopenaz itxaron aurrez porrota iguriki baino.

Zergatik izango da ahalegina behin eta berriz eginda ere, ezin naizela fidatu?

2009/10/08

Batean kale, bestean bale

Gaur bertan erakutsi dituzte Muskizko hiru ikastetxetan, ikasturte honetan 5. mailakoentzat etorriko zaizkigun miniordenagailuak.

Departamentuak antolatu duen formakuntza aztertzerakoan ez naiz baikor azaldu, eta esandakoari eusten diot. Baina materialari eta softwareari dagokionez, ematen du lizitazioa egin zenean baino egokiago izango dela. Ordenagailuek abiatze bikoitza daukate, eta Ubunturekin jarriko dira martxan, euskaraz. Ofimatikarako, OpenOffice erabiliko dute eta irudiak editatzeko GIMP. Ordenagailuekin batera armariotxoa eta gelarako arbel digitala ere aurkeztu dute. Sustatuko lagunak bertan izan dira eta informazio guztia jaso dute.


Batzutan kale, bestean bale

2009/10/07

Eskola 2.0: prozesua martxan


5. mailarako ordenadoreak eta software librea artikuluan agindu bezala, kontatzen hasteko moduan nago, Eskola 2.0 proiektua hasi baita eskoletan.

Iraila hasieran, galdera honekin bukatu nuen "post" hura: "Ordenagailuak... etortzen direnerako, izango ditugu eskolan entxufeak, indar elektrikoa egokia, eramangarriak gordetzeko eta mugitzeko altzairuak, internet-konexio egokia, wifia, eskolako intranetarako laguntza, zaindu eta mantentze lanak egingo dituen profesionala edo barruko irakasle batek behar dituen orduak, lan egiteko baliabide didaktikoak eta irakasleok beharko dugun formakuntza?

Formakuntza proposamena iritsi zaigu: 5. mailako irakasleek (tutoreak, ingeleseko espezialista, PT-a eta IKT koordinatzailea) astean bi ordutan klaseak utzi eta berritzegunetan ikastaroa egitea da eskaintzen zaiguna. Astean bi ordutan beste irakasleren batek eman beharko du tutore horri dagokion arloa, eta hiru lerrotako eskola batean (6 irakasle bina ordu), 12 klase ordu eskolako beste irakasleen esku geratuko dira. 12 ordu jornada lektibo erdia da, beraz Departamentuak gauzak ondo egin izan balitu irakasle erdia jarri beharko zuen eskola handitan eta herena txikietan, ordu horiek txukun ordezkatzeko, EAEn guztira 150 irakasle gutxi gorabehera. Baina ez dute inor bidaliko. Beraz:

* formakuntzaren kostua eskolarentzat:

  1. ikasleentzat, irakasle dantza ikasturte osoan
  2. irakaslentzat, lan pertsonalerako ordu erabilgarriak zuloak betetzeko xahutzea ahal den moduz
  3. zuzendaritza taldeenzat, puzzlea ezin osatu ibiltzea ikasturte hasieratik bukaera arte
* formakuntzaren kostua Hezkuntza Departamentuarentzat: 0 €.

Horrela edonork egiten du "Eskola 2.0" plan bat.

2009/10/05

Eskola 2.0-n software librea

Software librearen gaiak luzerako ematen du. Zaila egiten zait neurtzea gaia berez noraino iristen den, eta nondik hasten diren gaiaren inguruko beste interesak (komertzialak, profesionalak, politikoak, pertsonalak...). Baina hori alde batera utzita, interesgarria iruditzen zaizkit horren inguruan ematen ari diren zenbait urrats. Lehengo larunbatean, bilera bat egin zen Eskola 2.0-n software librearen erabilera sustatzeko eta wiki bat ireki dute (gaztelaniaz, hori bai) proposamenak biltzen joateko. Aztertzen dudanean komentatzen joango naiz. Eta euskarara itzultzen?!

2009/09/26

Eskola 2.0?

Egin ditut hiru aste eskolan. Klaseak emateaz gain, ordenagailuak txukundu, aurreko ikasturteko zaborra kendu, aprobetxatu daitekeena gorde, aurtengoa nola antolatuko dugun erabaki, ordenatu, martxan jarri... eta horretan nabilelarik, interneten sartzen naizen bakoitzean kof-kof! jarritako lan erritmoa pikutara joaten zait, Hezkuntza Departamentuak Euskaltelekin guretzako kontratatuta daukan mega 68 kbp-etan gelditzen zaigu eta. Beno, batzuetan zortea izaten dugu eta 129 kbp-etara iristen da. Nik nahi nuke ikasleekin web 2.0-ko jarduerak hasi, baina behin sartu naiz guztiekin batera webean eta damututa atera nintzen infogelatik.

Orain pentsatzen ari naiz berrikuntzaren bat sartu ahal izateko horrelako zerbait egiten hasi beharko dudala. Zer iruditzen?


2009/09/02

5. mailarako ordenadoreen eta software librearen inguruan

Interesgarria Sustatuk gai honetaz egin duen laburpena eta jarritako lotura guztiak gauzak nondik nora ibili diren ikusteko. Garrantzitsua da prozesua nola izan den gogoratzea, ordenagailuak iristen zaizkigunean agindutako guztia betetzen den egiaztatzeko. Nik, administrazioaren ohiko jokaera ezagututa, eta sozialistek orain arte erakutsi dutenagatik, zalantza asko ditut.

Adibidez, demagun abiatze bikoitzarena betetzen dela. Horrek esan nahi du software librea instalatuta etorriko dela Windowsekin batera? edo eskola bakoitzean egin beharko ditugu instalazioak... Gogoan izan ordenagailu pila bat etorriko zaigula, gurean (Antiguako Jakintzan) 69 daude aurreikusita. Kalkulatzen badugu IKTko irakasleak astean 7 ordu dituela sarean dauden ordenagailu mugiezinak eta sarea bera zaintzeko eta IKTen esparruan sortzen diren gora behera guztiak kudeatzeko, zenbat hilabete beharko dira 69 ordenagailu horietan beharrezko instalazioak egiteko?

Suposa dezagun horrela dela eta ordenagailu bakoitza bi sistema eta beste programekin datorrela. Etorriko da horiekin batera haiekin lan egiteko behar den guztia? Etortzen direnerako, izango ditugu eskolan entxufeak, indar elektrikoa egokia, eramangarriak gordetzeko eta mugitzeko altzairuak, internet-konexio egokia, wifia, eskolako intranetarako laguntza, zaindu eta mantentze lanak egingo dituen profesionala edo barruko irakasle batek behar dituen orduak, lan egiteko baliabide didaktikoak eta irakasleok beharko dugun formakuntza?

Kontatuko dizuet.

2009/08/10

Ordenagailuak horrela eta orain?

Maiatzaren 12an iragarri zuen Jose Luis Rodriguez Zapaterok, "Escuela 2.0" planaren barruan, ordenagailuen kontu hau. Garai hartan ere autoa erosteko laguntzak eman ziren, kontsumoa bultzatzeko helburuarekin, eta mota bereko neurria ote den aipatu izan da askotan.

Ondoren, Isabel Zelaak berretsi zuen albistea: EAEk Zapateroren erabakiarekin bat egingo zuen. Kargua hartu eta hiru astera. "begira nola berritzen den hezkuntza orain sozialistek hartu dugunean...".

Eta beldur naiz hartutako neurri hori horretan soilik geratzea. Susmoa dut dagozkigun 69 ordenagailu horiekin batera, ez dela etorriko haiek martxan jartzeko behar den azpiegitura teknikoa (entxufeak, indar elektrikoa egokitzea, gordetzeko eta mugitzeko altzairuak...). Ezta azpiegitura teknologikoa ere (internet-konexio egokia, eskolako intranetarako laguntza...). Are gutxiago ordenagailuak kudeatzeko baliabideak (zaindu eta mantentze-lanak egingo dituen profesionala edo barruko irakasle batena ahalbideratzea...). Eta zer esanik ez, ordenagailu horiekin lan egiteko baliabide didaktikoak eta irakasleok beharko dugun formakuntza.

Iruditzen zait gure agintariek neurria aldarrikatzean lortu duten publizitatearekin nahikoa dutela; alegia, horretako erabaki dutela horrela eta orain.

Asko poztuko nintzateke horrela ez balitz. Zain nago.

2009/08/08

LH5. mailakoentzat ordenadore bana

Gustura nengoen bada baserriko isiltasunean murgilduta... baina akabo giroa! Hezkuntza Sailak lehiaketara atera berri du 20.000 miniordenagailuen erosketa. Irailaren 8an bukatzen da aurkezteko epea. Hauteskunde garaian Patxi Lopezek egin zuen software librearen aldeko aldarrikapena ezer-ezean geratu da, ordenadoreak derrigorrez Microsoft Windows eramango dute eta. Txukun adierazi ditu datu guztiak Sustatuk, Windowspekoak LH5 ikasleentzako miniordenagailuak albistean.


Hori da hiru aste barru hasiko den ikasturtean datorkiguna: 5. mailako ikasle bakoitzeko (edo bakoitzarentat?) netbook bat. Azken hilabete hauetan han eta hemen irakurri dut dezente gai horretaz eta proposamen gutxi ikusi ditut. Horregatik, piskanaka joango naiz gaia jorratzen, alderdi asko ikusten baitizkiot. Lehenengoz, hausnarketa: zer lortu nahi dute agintariek erabaki horreekin? zergatik etorri zaigu kontu hau horrela eta orain?

2009/06/15

Ordenadore bat ikasmahai bakoitzean?

Hauxe da Zapaterok Espainiako Legebiltzarrean, aldarrikatu berri duena "Escuela 2.0" egitasmoan:
"2010/2011 ikasturtetik aurrera, Lehen Hezkuntzako 5. mailako eskola publikoko ikasle bakoitzari ordenadore eramangarri bat emango zaio, Bigarren Hezkuntza bukatzen duen arte erabiltzeko".
Adierazpen honen inguruan iritzi asko entzun ditugu, alde zein aurka. Hara hemen horretaz gogoeta egiteko lotura interesgarri batzuk:
un portátil en cada pupitre
propuestas para una escuela 2.0
Zer pentsatzen duzu zuk?